Agenda

EUSKAHALDUN tailerra ostegun honetan, euskaraz edozeinekin edonon aritzeko teknikak

Agurainen euskaraz bizitzeko kanpaina aurrera doa etenik gabe. Jada 126 dira azaroaren hasierako lau egunetan euskaraz bizitzeko konpromezua hartu dutenak, euskara Aguraingo edozein eremutara edozein momentutan eramateko konpromezua hartu dutenak.

 

Horrek hainbat buruhauste ere sortu dizkio bati baino gehiagori; “gai izango ote naiz? Elkarrizketa bat euskaraz egin nahi eta erdaraz ez bukatzen ikasiko ote dut? Zergatik gertatzen dira horrelakoak? Eta nola konpondu?”

 

Galdera guzti horiei erantzun bat eman nahian EUSKAHALDUN tailerra antolatu da Agurainen ostegun honetan bertan, hilaren 26an, Zabalarte etxean arratsaldeko 18.30tan. AHIZE hizkuntza aholkularitza zentroaren eskutik, Mikel Urdangarin gidari delarik euskaraz nonahi eta noiznahi eroso sentitzeko teknikak ikasteko tailerra izango da. Ez hori bakarrik, inguruan nola eragin ere landuko da, “batek euskaraz egiten badu, ingurukoek ere egingo dute”.

 

Antolakuntzatik bi ideia behin eta berriro errepikatu dira kanpaina hasieratik: Agurain AKTIBATU egin behar dela alde batetik, eta Aguraindarrak AHALDUNDU egin behar direla bestetik. Bigarren honi ekingo zaio ostegun honetan. Euskaraz edonon eta edonorekin hitz egitea posible dela sinisten den momentuan sentituko dira Aguraindarrak AHALDUN, eta momentu horretan hasiko da herria AKTIBATZEN.

Konfidantza izan behar da norberarengan, sinismena, ausardia. Jabetza poterea da, eta potere horrek dakar ahalmena.

 

Kontzeptu horiek landuz aguraindarrengan konfidantza piztea eta posible dela sinistu araztea izango da azken finean ostegun honetan bertan antolatu den EUSKAHALDUN tailerraren helburua.

 

Azaroaren 8, 9, 10, 11n, Agurainen, EGIN EZAZU EUSKARAZ EDONON ETA EDONOREKIN

 

Estandarra
Agenda

Egoitzaren lehen eguna, aparta!

Giro ederrean ireki zituen lehen aldiz ateak Aguraingo 75 ordu euskaraz ekimenerako atondutako egoitzak. Eguraldia lagun, umoretsu eta alai zebiltzan Aguraindarrak ostiral arratsaldean, eta halaxe joan zen arratsa egoitzan ere.

Egoitzaren inaugurazioa (5)19.30ak aldera ateak zabaldu eta lan eta lan arduradunak: batek ardoa banatu, besteak pintxoak, “hemen borondatea!”, kamisetak, norbanakoen konpromezuak… aspertzeko astirik ez.

Egoitzaren inaugurazioa (4)Jeiki dantza taldeak eta Jotafa euskaldunon txarangak dantza poteoa zuten egun horretarako antolatua. Eta geldialdietako bat… egoitza berrian! Horiek bai martxa! Musika, dantza, umorea, bizipoza eta konpromezua, euskararekiko konpromezua. Horiek denak kokteleran sartu eta giro aparta sortu zen egoitzako atarian. Eta inaugurazio borobila izateko… Dantzariek agurra dantzatu zuten atarian. Biba zuek!

Egoitzaren inaugurazioa (1)Aipatu bezala, ekimena egunero eta edozein lekutan ikusi dadin, kamisetak eskatzeko aukera ere egon zen. Ostirala izan zen eskatu ahal izateko lehen eguna, berdea edo beltza, zein baina zein politagoak. Datorren ostiralean ere egongo da horretarako aukera. 60 salduta daude jada, argi ibili zuena eskuratzeko!

Egoitzaren inaugurazioa (2)Norbanakoen konpromezuen pila ere pixkanaka pixkana handituz doa. Ostiralean 25 pertsonak eman zioten baiezkoa euskaraz bizitzeko konpromezuari. 200 norbanako lortzea da antolakuntzaren helburua, gero eta gertuago dagoen helburua.

Egoitzaren inaugurazioa (3)Kontuak kontu, primerako arratsaldea: konpromezuen pila geroz eta handiagoa, inskripzio orri hutsena geroz eta txikiagoa, bete beterik eramandako pintxo bandejak hutsik bueltatu ziren etxera, eta euskaraz edozein lekutan eta edonorekin euskaraz aritzeko ilusioa sendoagoa dudarik gabe. Hau hasi besterik ez da egin!

Azaroaren 8, 9, 10, 11n, Agurainen, EGIN EZAZU EUSKARAZ EDONON ETA EDONOREKIN

Estandarra
Agenda

Egoitzaren inaugurazioa!!! Gonbidatuta zaude!!!

75 OE - Egoitza

Ostiral honetan, hilaren 20an, 75 ordu Euskaraz mugimendurako lortutako lokalaren inaugurazioa izango da. Aguraingo erdigunean, Kale Nagusian bertan izango du elkargune ekimenak. Ostiralero zabalik egongo da euskaltzale guztion topagune izatera iritsi nahi duelarik.

Idatzi honen bidez euskaltzale guztiak gonbidatuta daudela jakinarazten da!!

19.30etatik aurrera, ohitura onei muzin egin ezinik, pintxo potea egongo da, eta ekimenerako espreski diseinatutako kamisetak enkargatzeko aukera ere bai.

NIK75 kamiseta

Azarora begira 200 norbanakok euskara eguneroko esparru guztietara zabaltzeko konpromezua hartzea da helburu, euskaraz bizitzeko gogoa adieraztea. Hori lortu nahian zabalduko ditu ateak ostiralero egoitzak.

Azaroaren 8, 9, 10, 11n, Agurainen, EGIN EZAZU EUSKARAZ EDONON ETA EDONOREKIN

Estandarra
Agenda

Euskara hutsean bizi, baita Agurainen ere

Agurainen lau egunetan zehar euskara hutsean aritzea eta euskara esparru guztietara hel araztea helburu harturik, hilaren 10ean aurkeztu zen jendaurrean 75 ORDU EUSKARAZ Agurainen egitasmoa.

2016-05-10 agurain 75 ordu euskaraz prentsaurrekoa 2

Ez da festa bat izango, ezta jardueraz beteriko eguna ere; lau egunez, egunerokoan, Agurainen euskaraz bizi ahal izateko ekimena baizik. Horrela eman zen jakitera aurkezpen ekitaldian eta horrela eramango da aurrera antolakuntzatik. “Lehen hitza, bigarrena eta baita hirugarrena ere euskaraz egitea da helburu”.

200 norbanako eta 150 kolektibo bildu nahi ditu ekimenak denda eta bestelako enpresaren parte hartzea lortuz. Eguna iritsi arte herria aktibatu, prestatu eta ahaldunduko da ekintzak eta ikastaroak antolatuz; “edonon eta edonorekin euskaraz eroso sentitzen ikasteko”.

Euskaraz bizitzeko hautua egin duen aguraindar talde bat dago honen atzean. Herrian euskararen erabilera bultzatzea da helburu; herritarren %50 inguru euskalduna edo ia euskalduna izan arren, oso baxua baita euskararen erabilera.

2016-05-10 agurain 75 ordu euskaraz prentsaurrekoa 4

Azaroaren 8, 9, 10, 11n, Agurainen, EGIN EZAZU EUSKARAZ EDONON ETA EDONOREKIN

 

PRENTSA IDATZIAN AGERTUTAKO ARTIKULUAK

ALEA

2016-05-11 prentsaurrekoa ALEA

BERRIA

2016-05-11 prentsaurrekoa BERRIA

GARA

2016-05-11 prentsaurrekoa GARA

DIARIO DE NOTICIAS

2016-05-11 prentsaurrekoa NOTICIAS

EL CORREO

2016-05-11 prentsaurrekoa ELCORREO 2

Estandarra
Agenda

75 ORDU EUSKARAZ – Aurkezpen prentsaurrekoa

Maiatzaren 10ean, asteartean, Agurainen 75 ORDU EUSKARAZ kanpainaren aurkezpen prentsaurrekoa

2016-03-02 egitura 75ordueuskaraz logoekin

Etenik gabe doa aurrera Agurain euskalduntzeko hainbat herritarrek martxan jarritako ekimena. Datorren asteartean, hilaren 10ean, prentsaurrekoa eskeiniko da medioen aurrean egitasmoa ezagutzera emateko. Asteroko azokarekin bat eginez, goizeko 11.30tan izango da San Juan enparantzan.

 

Donostiako Egiako auzokideen esperientzia ezagutzea izan zen aurreneko pausua; haiekin positibotasunez barrua ondo bete, hainbat bilera ondoren, eta ostiralean kalera irten ziren gainontzeko aguraindarrei egitasmoaren berri emateko asmoz. Ugariak izan ziren lehen egunean jasoriko atxikimenak eta konpromezuak, baina hau hasi besterik ez da egin…

 

Azaroaren 8, 9, 10, 11n, Agurainen, EGIN EZAZU EUSKARAZ EDONON ETA EDONOREKIN

Estandarra
Agenda

AGURAINEN 75 ORDU EUSKARAZ herriko kaleetara atera dugu

 

Maiatzaren 6an, ostiraleko poteoarekin  batera AGURAINEN 75 ORDU EUSKARAZ zer den azaldu diegu aguraindarrei. Esperientzia berria da hau eta ondo azaltzeko asmoz hiru informazio gune ipini genituen. Herritarrak hurbildu dira, zer den eta nola parte har dezaketen azaldu diegu.

Agurain Euskaraz NIK75 mahaiak 2
Egitasmo honek euskaldunak aktibatzea du helburu. Azaroaren 8, 9, 10 eta 11n euskaraz bizitzea proposatzen dugu, edonon eta edonorekin, egunerokoan. Horretarako euskaldunen jokabide aktiboa beharrezkoa da. Lau egun horietan parte hartzaileak lotzeko asmoz NIK75 kanpaina martxan ipini dugu. Horretarako prest dagoen euskaldunak adierazpen bat sinatzen du. Ostiralean lehenengo NIK75 parte hartzaileek sinatu zuten, erabakia hartu zuten. Norbanakoen hautuan oinarritzen da 75 ORDU EUSKARAZ, baina izaera kolektiboa du proposamen berri honek, eta horrek emango dizkigu ziurtasuna eta babesa.

Agurain euskaraz NIK75 mahaiak 3
NIK75 parte hartzaile guztion jokabide aktiboaren bitartez euskara erabiltzeko eta ezagutzeko gogoa indartu nahi dugu.

Azaroaren 8, 9, 10, 11n, Agurainen, EGIN EZAZU EUSKARAZ EDONON ETA EDONOREKIN.

Estandarra
Agenda

Agurainen, maiatzaren 6an abiatuko da 75 ORDU EUSKARAZ ekimena

75 ORDU EUSKARAZ azaroaren 8tik 11ra izango bada ere, maiatzaren 6an abiatuko da Aguraingo euskaldunak aktibatzeko kanpainan, NIK 75 kanpaina hain zuzen ere.

Agurain Euskaraz

Hiru informazio gune jarriko dira herrian.

Agurainen, egunerokoan euskaraz bizi nahi dugulako. 75 ORDU EUSKARAZ. Hori da hainbat Aguraindarren nahia, eta horregatik horri ekingo diote azaroaren hasieran

Esperientzia berria da, beste herri batzuetan ere aurrera eramaten ari dena. Azaroaren 8, 9, 10 eta 11n euskaraz biziko dira; erosketak egiterakoan, kirola egiterakoan, etxekoekin, pintxopotean, kutxan, lankideekin… ez da festa bat izango, euskara eguneroko esparru ezberdinetara eramateko ekimena baizik.

Guztion jokabide aktiboaren bitartez euskara erabiltzeko eta ezagutzeko gogoa indartu nahi da; orain arte euskara iritsi ez den lekuetara eramatea hain zuzen ere.

Guzti honen berri emateko, maiatzaren 6an hiru informazio gune jarriko dira herrian. 19:30ak eta 21:30 bitartean San Juan emparantzan, Andra Mari emparantzan eta Dulantzi emparantzan informazio mahaiak kokatuko dira edozein zalantza argitzeko eta ekimenaren berri zehatzagoa emateko.

Azaroaren 8, 9, 10, 11n, Agurainen, EGIN EZAZU EUSKARAZ EDONON ETA EDONOREKIN.

Estandarra