EGITASMOA

BOST HILABETE JADA

Bost hilabete jada Agurainen 75 ordu euskaraz martxan hasi zenetik

Jada badira bost hilabete Agurainen 75 ordu euskaraz ekimena martxan jarri zenetik, Agurainen euskaraz bizitzeko hautua egin dutenen kanpaina hain zuzen ere. Ordutik hainbat ekintza eraman dira aurrera ekimena ezagutzera eman ahal izateko.

Euskaraz bizitzeko erabakia hartu duten hainbat aguraindar martxoaz geroztik elkartzen hasi eta maiatzean aurkeztu zen jende aurrean ekimena. Ez da jai bai, ezta ekintzaz beteriko egun bat ere; euskara eguneroko arlo guztietara eramateko ekimena da, edonon eta edonorekin euskaraz. Halaxe aurkeztu zen udaberrian eginiko ekitaldian.

Harrezkeroztik hainbat zita izan dituzte Aguraingo euskaldunek; hitzaldiak, euskaraz edonon eta edonorekin eroso sentitzeko TELP tailerra, ostiralero pintxo potea, kontzertuak, irakurketa musikatua… guztiak pixkanaka pixkanaka herrian presentzia lortu eta Agurain prestatzen joateko. Horixe izan baita hilabete hauetako helburuetako bat, herria euskaraz bizi nahi duten guzti horiek eroso senti daitezen prestatzea.

Eginiko lan horrek bere emaitzak eman ditu, eta 200 lagunek sinatu dute dagoeneko azaroaren 8, 9, 10 eta 11an euskaraz edonon eta edonorekin egiteko konpromezua. Horrekin batera herriko 80 kolektibo eta negoziok egun horietan euskararen erabilera erraztuko dutela bermatu dute. Mapa bat osatu da informazio guzti horrekin, herrian jakin dadin nork egin duen ekimenarekin bat.

Abuztua iristearekin batera oporrak ere iritsi dira leku gehienetara, eta baita hona ere. Hilabeteko geldialdia izango du kanpainak eta irailean bueltatuko da berriz indarberriturik.

Udazkenean izango du ekimenak azken txanpa eta ordurako ekintza gehiago, taller gehiago, musika… pentsaturik daude dagoeneko. Herria prestatzen eta aktibatzen jarraitzeko gomendioak aurkeztuko dira, bai euskaldunentzat eta baita erdaldunentzat ere. Euskaldunek euren burua aktibatu dezaten euskaraz egin ahal izateko eta erdaldunek jakin dezaten euskaraz bizi nahi duenari bidea nola erraztu.

Irailean jarraituko du hortaz kanpainak bere martxa. Bitartean parte hartzaileei ere jarri zaie lana ordea… NIK75 kamixeta jantzi eta oporretarako aukeratutako leku horretan argazkia atera, ondoren Facebooken publikatu eta zabaldu munduan leloa!!

Azaroaren 8, 9, 10, 11n, Agurainen, EGIN EZAZU EUSKARAZ EDONON ETA EDONOREKIN

 

Estandarra