Agenda

Ostiralean amaitu ziren Aguraingo 75 orduak. Baina hau hasi baino ez da egin

Maiatzean hasi eta orain arte 75 orduekin bueltaka; NIK75 batetik, GUK75 bestetik, Telp tailerra, Zergatik ez? Agurain Ahaldundu, Agurain prestatu… Pasa den asteartean iritsi eta pasa dira jada 75 ordu horiek. Eta nola pasa gainera!

whatsapp-image-2016-11-12-at-09-55-412

Asteartean arratsaldeko 17.30ak aldera lehertu zen txupina Aguraingo zeruan 75 orduei hasiera emanez. 280 aguraindarrek euskaraz bizitzeko nahia erakutsi eta egun horietan hala egingo zutenaren konpromezua hartu zuten. Eta herriak halaxe egiteko baimena eman zuen.132 komertzio, taberna, elkarte eta establezimenduk euskarari trabarik jarri gabe bezeroak hartatuko zituztela zin egin zuten, nahiz eta kasu batzuetan beraiek hizkuntza ez jakin. Ostiralean, hilaren 11n, arratsaldeko 20.30ean eman zitzaion amaiera ekimenari modu xume  polit eta hunkigarrian; 200 lagunekin argazki kolektibo bat eginez.

whatsapp-image-2016-11-12-at-09-55-411

Kanpainak kolore bat izan badu berdea izan da hori. Berdez jantzi dira lau egunotan Aguraingo kaleak eta berdez jantzi nahi izan zen ostiralean San Juan enparantza ere. Lurrean marraztuta 75 handi bat, eta inguruan jende andana linterna bat eskuan zuela instrukzioen zain. Halako batean eliza ataritik globo berdeak atera ziren. Bakoitzari bana eman eta hauxe agindua: jar zaitezte 75aren barruan, osa dezagun 75 berde erraldoia!! Esan eta egin.

2016-11-11-agurainen-75-ordu-euskaraz-bukaerako-ekitaldia

Tente-tente, zintzo-zintzo jarri ziren denak eta prest zeudela zera entzun zen bozgorailuetatik: piztu linternak, eman argia euskarari!! Eta hortxe osatu zen 75 berde argitsu ederra.

 

Baina hau ez zen amaiera izan. NIK75 konpromezua hartu zuen bakoitzak badu bere barnean 75 berde argitsu eder hori. Asteartean gogotsu eta pozik atera ziren kalera Aguraindarrak. Euskaraz okindegira, loradendara, tabernara, gasolindegira zein harategira. Eta pozik egin zituzten asteazken goizean erosketak, euskaraz inolako arazorik gabe egin zituztelako. Hori da sentsazio orokorra momentu honetan: poza, gogoa eta ilusioa. Bakoitzaren hausnarketaren garaia iritsi da. Erronka indibiduala, lau egun hauetan egin den bezalaxe geure buruari jarritako mugen gainetik pasa eta euskaraz bizitzearen aldeko erronka.

 

Hau hasi baino ez da egin. Argi eta garbi esan zuten antolakuntzakoek ekitaldi amaierako testua irakurtzean: Behin betiko! Behin betiko! Sinple bezain tinko! Ez dugu etsiko! 75 orduz zein 365 egunez, EUSKARAZ TA KITTO!

cropped-2016-11-11-agurainen-75-ordu-euskaraz-bukaerako-ekitaldia-2.png

Hemen dago bukaerako ekitaldian irakurritako testuaren audioa eta testua:

https://drive.google.com/open?id=0B6pxO8MwfoyweGd1S293dWZNcTQ
Plazara, euskara plazara.

Hizkuntza gabe esaidazue

Nola irtengo naizen plazara.

Zenbat gara? Lau, bat,

Hiru, bost, zazpi.

Ez, 283 gara. 283!!

Bagare, bagera,

Bagire, bagara.

75 orduak amaitu dira,

Baina hau hasiera baino ez da izan.

—————————————–

Hasi etxetik eta kalera,

Hasi kaletik eta etxera.

Etxean, kalean, lanean, lagun artean,

Mendira joatean eta ohean sartzean.

Gau eta egun euskeraz bizi nahi dugu,

Euskaraz bizi goizean goizik,

Ez da amets bat, gure nahia baizik.

Eta nahia egi bihurtu da.

Olbean gora, Olbean behera,

Olbean gora ibili da euskara.

——————————————

Aguraingo herria

Benedika dadila,

Azken egunotan eman bait dio

Behar duen thornüia.

Ez al dakizu euskara dela

Agurain euskaldun egiten duena?

Zer Euskal Herri litzake

Bere hizkuntza ere galtzen duena?

Herri jakintza nahi dugu,

Eta jakintza herriarentzat nahi.

——————————————

Euskara, euskara,

Jalgi hadi plazara.

Plazara, tabernara, elkartera, dendara… 132 izan zarete bidea xamurtzen lagundu diguzuenak.

Euskara, jalgi hadi Aguraingo plazara.

Geure herriaren geroa bait gara.

Eta bai, (eta) bai,

guk euskarari bai ta bai.

Pausorik pauso beti bidea eginez,

Geroa irabazi behar dugu oinez.

Guk euskaraz, zuk zergatik ez?

Orduan izango bait du

Indarra eta kemena

Orduan emango bait du

Ugari bere fruitua.

——————————————-

Orain euskara da soa

Euskaraz doa pausoa

Euskara da itsasoa,

Zerua, lurra, auzoa

Euskara herrian dago

Euskaraz Agurain osoa

Eskuz esku eta azkar pausoa

Egin dezagun bide osoa.

Euskal Herrian euskaraz

Nahi dugulako hitz eta jolas

Lan eta bizi euskaraz

Eta hortara goaz!.

—————————–

Goizero, goizero,

AEKn bezero,

Batzuetan ero

Besteetan bero.

Baina bizirik nau

Eta holan sentitzen naz

Topera nau

Geur inork ez nau geldituko.

Ikusi

Ikasi

Entzun

Heldu

Eta ondo heldu

Hobeto heldu

Hona aukera: jalgi hadi euskaraz!

Laga erdara, bizi ganoraz.

Dantzan kalien

Danak begire

Dantzan kalien

Euskara da!

Euskara da!

—————————————-

Ateratzeko beldur zen, beldur eszenikoa

Aspaldi antzeztu ez duen obra honetan.

Baina izpi txiki txikiren bat

agertuz joan da aste hontan eta orain

poztasun handi batek besarkatzen gaitu.

Aguraindarron artean

orain lainorik ez da.

Borobildu dira ertzak, zuen ondoan.

Zaindu dezagun maite dugun hori.

Behin betiko! Behin betiko!

Sinple bezain tinko,

75 orduz zein 365 egunez,

euskeraz ta kitto!

 

Atzo iluntzean burutu zen 75 ordu euskaraz ekimenaren hasiera ekitaldia Aguraingo Zabalarte etxean. Ekimenean parte hartzeko konpromisoa sinatu dute kolektiboak bildu ziren batik bat, baina norbanakoak ere hurbildu ziren, guztira 120 pertsona inguru bilduz, antolatzaileen aurreikuspenak gaindituz. Hasiera, baina, atzo arratsaldean botatako suziriek eman diote ekimenari.

Estandarra
Agenda

Aguraingo 130 kolektibo, erakunde eta establezimenduk erraztuko dute euskararen erabilera azaroaren 8a eta 11a bitartean

2016-10-28-azaroak-8-guk75-ekitaldia-eus

Agurainen 75 ordu euskaraz kanpaina azken txanpan da jada, aste bete baino ez baita falta azaroaren 8rako. 8an hasi eta 11ra bitartean Aguraingo 250 herritar inguruk euskara edozein esparrutara eraman ahal izango dute. Konplexurik gabe, lotsarik gabe, ausart egingo dute egunerokoan euskaraz, hizketakidea edozein dela ere.

Hau aurrera eraman ahal izateko ezinbestekoa izan da herriko negozio eta kolektiboek eskaini duten laguntza. Antolakuntza taldekoak herriko kolektibo eta negozioekin harremanetan jarri eta azaroko bigarren aste horretan zera egiteko eskatu zaie: jende aurreko arreta eskaintzen duten establezimenduei euskaraz eskatuz gero normaltasunez artatzeko (euskara-erdara elkarrizketa elebidunak sustatuz), kolektiboei egun horietan euren ekintzak euskaraz izateko eta beste elkarte batzuei beraien barruko harremanetan euskara lehenesteko.

Ehundik gora izan dira baiezkoa eman dutenak, 130 dira hain juxtu GUK75 sinatzaileak. Guzti horiek euskararen erabilera erraztuko dute, Aguraingo 130 kolektibo, erakunde eta establezimenduk euskararen erabilera errazteko konpromezua hartu dute. Bejondeizuela!

2016-10-28-guk75-saritzeko-ekitaldira-collage

Hori dela eta AGURAINEN 75 ORDU EUSKARAZek ekimenarekin bat egin duten kolektibo, erakunde eta establezimenduak saritu nahi ditu. Azaroaren 8an, asteartean, Zabalarte etxean esker oneko ekintaldi txiki bat egingo da arratsaldeko 20.30etan.

Zatoz!!

Informazio gehiago hemen
https://aguraineneuskaraz.wordpress.com/kolektiboakestablezimenduak/

Estandarra
Agenda

ZERGATIK EZ? Tailerra

Urriaren 20an Euskaraz, zergatik ez? tailerra Zabalarte etxean

Azken txanpan sartu da Agurainen 75 orduz euskaraz kanpaina. Hilabete eskas falta da azaroaren 8rako eta azken sprinterako beroketa lanak egiten dabil jada Aguraingo lantaldea. Datorren asteko ostegunean, hilaren 20an, Zergatik ez? tailerra eskainiko dute Euskaltzaleen Topagunekoek.

2016-10-20-zergatik-ez
Euskararen erabilera sozialaren inguruan hausnartzeko saioa da. Euskaraz bizitzearen aldeko argudioak eskainiko dira eta baita hausnarketarako arrazoiak eta gakoak jorratu ere.

Funtsean galdera hau planteatuko da: Zergatik ez kokatu euskara guztion elkargunerako, komunikaziorako hizkuntza gisa? eta galdera horri Zergatik ez? Bai horixe! erantzuna ematea da tailerraren helburua.

Ikastaroak Kataluniako Tallers per la Llenguak diseinaturiko tailerra dauka oinarri, gure ingurura eta hizkuntzara egokitua. Zabalarte etxean arratsaldeko 18.00tan izango da hitzordua, ilunabarreko 21.00ak arte.

Zatoz eta esan dezagun denok elkarrekin: Euskaraz? Zergatik ez? Bai horixe!!

Estandarra
Agenda

Festetan?? Euskaraz!! Nola ba?

Urriarekin batera iritsiko dira Aguraingo festak. Larunbatean arratsaldeko 19.00etan emango zaie hasiera 2016ko festei, eta aurten modu berezian gainera; Aguraindarrek euskaraz bizitzeko nahiari indartsu eutsi baitiote, eta herriko jaietan ere hori agerikoa izango da.

 

Banderinak, kamisetak, txapak… denetarik egongo da herrian euskaraz bizitzeko hautua egin dela jakinarazteko, baina euskaraz egin ahal izateko erraztasunak ere bai. 75 ordu Euskaraz kanpaina handi honen barnean, beste txiki bat jarriko da martxan: Eska ezazu euskaraz!

img-20160922-wa0001

Gauza jakina da tabernak gune oso garrantzitsuak izan ohi direla festetan, eta nahitanahiez tabernari eta txosneroak erreferente sozial bihurtzen dira egun batzutan bada ere. Hori dela eta, gune horiek izan ohi duten garrantzia baliatuz, bezero eta tabernarien arteko erlazioa euskaraz izan dadin bidea errazteko seinaleak jarriko dira.

img-20160922-wa0000

Herriko 19 taberna eta Txosnagunean zabalduko da kanpaina. Tabernariek, karteltxo bat izango dute paparrean. Kasuan kasu Euskaraz nahiago edo Euskaraz poliki izango dute. Bezeroek erraz eskatu ahal izateko, marrazkitxoen bitartez eskariak euskaraz nola egin adierazten dutek kartelak egongo dira tabernan. Eskaria egiteko oinarrizko hiztegia agertuko da bertan; mesedez, eskerrik asko, zenbakiak, garagardoa, kafesnea…

img-20160922-wa0002

Aitzakiarik ez festa euskaldunak bizitzeko!! Festa euskaradun eta sanoak opa dizkizuegu!!

Estandarra
Agenda

¿Compartimos? Aguraingo merkatarientzako tailerra

2016-09-20 compartimos tailerra

88 dira jada azaroaren hasierako egun horietan euskararen erabilera errazteko konpromezua hartu duten merkatariak. Ehundik gertu dagoen zifra horretatik guztiek ez dute euskaraz egiteko erraztasun bera, eta hainbat galdera datorzkie burura: nola egin euskaraz egin nahi duenari bidea errazteko euskaraz egiten ez badugu? Zer egin dezakegu?

 

Galdera horiei eta beste batzuei erantzun bat eman nahian ¿Compartimos? tailerra emango da bihar Zabalarte etxean. Arratsaldeko 14.30ak eta 16.30ak bitartean izango da gazteleraz, eta euskarazko zerbitzua erraztu nahi duen merkatari guztiei zuzendurik dago.

 

Togaguneak eskainiriko tailerra izango da. Merkatariei zer eskaini duten, zer eskaini dezaketen eta bai egun berezi horietan zein hortik aurrera zer egin dezaketen argitzeko pautak emango dira.

 

Zer nahi dugu euskararentzat eta non kokatu nahi dugu eleanitza den Agurain batean? Erantzunak bilatzeko eta aurkitzeko… zoaz  bihar Zabalartera!

Estandarra
Agenda

TELP tailerra irailaren 17an, euskaraz eroso aritzeko teknikak

Beldurrik gabe euskaraz aritu behar zela izan zen plazaraturiko azken mezua; beldurrak sutara bota eta edonon eta edonorekin euskaraz aritzeko ausardia atera. Ez da erraza izaten hori ordea %100ean euskalduna ez den inguru batean. Nahiz eta euskaraz ulertu, zenbait lekutan gaztelaniaz aritzeko ohitura oso barneratua dago. Hori aldatzea da hain juxtu hilaren 17ko TELP ikastaro honetan irakatsiko dena.

2016-05-26 euskahaldu tailerra 2

Emunek eskainitako tallera izango da, TELP ikastaroa hain zuzen. Bertaratutakoek euskaraz eroso, beldurrik gabe edonon eta edonorekin aritzeko teknikak ikasi ahal izango dituzte. Esan bezala datorren larunbatean izango da, irailaren 17an, Zabalarte etxean goizeko 10.00etatik eguerdiko 14.00ak arte.

Aguraindarrek euren burua ahaldundu, aktibatu eta inguruan eragina izatea izango da helburua. Nahikoa baita batek euskaraz egitea besteek ere erabaki bera hartu eta euskaraz jarraitzeko.

Ikastaroa dohainik izango da eta ez dago izena eman beharrik. Animatu eta bertaratu zaitez!!

2016-09-17 euskaraz eroso tailerraAzaroaren 8, 9, 10, 11n, Agurainen, EGIN EZAZU EUSKARAZ EDONON ETA EDONOREKIN

Estandarra
Agenda

Beldurra sutara, 75 ordu euskaraz egiteko beldurrik ez.

14183706_1251092728243721_6199843203474490309_n

Aurtengo urtea berezia izaten ari da Aguraindarrontzat; euskaraz bizitzeko hautua egin eta buru belarri baitabil Agurain 75 ordu Euskaraz ekimenaren atzean dagoen lan taldea.

d7d4d332-3981-4208-94d2-9205500c4b02

Urtero bezala pasa den abuztuaren 29an San Juan sua piztu zen aspaldiko ohiturei eutsiz. Azken urteotan egin den bezelaxe Jeiki dantza taldea izan zen suaren inguruko ikuskizuna antolatzeko arduraduna, eta aurten eskaera berezi batekin gainera: gaitzat 75 ordu Euskaraz ekimena hartzea.

14100388_776813079126689_8473661139293260406_n

Dantza, antzerkia, musika…. ikuskizun borobil borobila izan zen dantza taldeak plazan eskaini zuena. Gainera, ondo baino hobeto jakin zuten transmititzen ekimen honekin zabaldu nahi den mezua: beldurrik ez, euskaraz lasai egiteko eta bizitzeko beldurrik ez.

14203214_1251091624910498_4307677765890824652_n

Bakoitza bere lekutik beldurrik gabe aritzeko eskaera egin zuen Agurainen kondaira den La Zocorrak. Beldurrik gabe euskaraz egin, entzun, transmititu, jolastu…. Beldur guztiak hartu eta sutara!!

unnamed-4

Azaroaren 8, 9, 10, 11n, Agurainen, EGIN EZAZU EUSKARAZ EDONON ETA EDONOREKIN

Estandarra
Agenda

Gaizka Garitanorekin solasaldia, BERTAN BEHERA GELDITU DA

Ekainak 9, osteguna, Agurainen programatuta zegoen Gaizka Garitanoren solasaldia BERTAN BEHERA geratu da, Garitanoren azken momentuko betebehar profesionalengatik.

Barkatu eragozpenak.

 

Garitanotasun: Jatortasun eta dotoreziaz hizkuntza eskubideen defentsa egitea. Hemen eta han. Horrela zabaldu da mugikorrez mugidor Gaizka Garitanok egunero bai bere lanean eta baita bere bizitzan ere aurrera eramaten duena. Euskaltzale amorratua izanik Eibar futbol taldeko entrenatzailea zelarik Almeriako prentsa aretoan gertaturikoa gogoan dugu denok, baina hortik haratago da euskaltzale Gaizka.

 

Bere hizkuntza hautua futbolean, egunerokoan, kalean, zailtasunak, erraztasunak… guztiak komentatu ahal izango dira berarekin izango dugun solasaldian. .

2016-06-09 gaizka garitano SOLASALDIAOstegun honetan, hilaren 9an arratsaldeko 19.00etan Zabalarte etxean. Etorri eta gozatu.

Azaroaren 8, 9, 10, 11n, Agurainen, EGIN EZAZU EUSKARAZ EDONON ETA EDONOREKIN

Estandarra
Agenda

Euskaraz eroso sentitzeko teknikak EUSKAHALDUN tailerrean

Joan zen ostegunean, hilaren 26an, Euskahaldun tailerra ospatu zen Aguraingo Zabalarte etxean. Euskaraz edonon eta edozeinekin eroso sentitzeko teknikak ikasi nahian, 30 lagun gerturatu ziren aretora eta arreta handiz jarraitu zituzten Mikel Urdangarinek emaniko aholkuak.

2016-05-26 euskahaldu tailerra 2

Ez ziren gutxi izan eman zituen jarraibideak… Hainbat eta hainbat aldiz kanpaina honetan entzun ditugun eta oraindik ere entzungo ditugun bi hitz erabili zituen berak ere: AHALDUNTZEA eta AKTIBATZEA. Bertaratu zirenei ohartarazi zien ahalduntzeko eta aktibatzeko erabakia egun batetik bestera bat batean har daitekeeen erabakia dela, baina hori lortzeko prozesua ez dela hain momentukoa, egunez egun egiten den prozesu lasai bat baizik.

 

Garrantzitsuena norberak sinestea da, norberak ahal duela pentsatzea, orduan hasiko gara ahaldun sentitzen. Egoera ezberdinetan norberaren jokatzeko modua horren araberakoa izango da, ahaldun izatearen edo ez izatearen sinismen mailaren araberakoa.

 

Arratsaldea ez zen teoria hutsean oinarritu, rol jokoen bidez eguneroko bizitzan ematen diren egoera anitz landu zituzten ikasle finek. Euskaraz eroso sentitzeko teknika horiek nola praktikan jarri, nola erakarri jendea euskaraz hitz egitera eta nola motibatu norberaren jarrerarekin inguruko jendea.

2016-05-26 euskahaldu tailerra 1

Bakoitzak badaki zein den euskaraz hitz egitearen eta euskaraz bizitzearen aldeko apustua zergatik egin duen. Partaide adina arrazoi izan ditzake kanpaina honek, eta euskahaldun adina arrazoi egon daitezke Euskal Herrian. Baina ez dago mailaketarik arlo honetan, arrazoi guztiak dira garrantzitsuak, pertsona euskaraz bizitzera eraman duen edozein arrazoi da garrantzitsua eta ona.

 

Ikasitakoa praktikan jartzea baino ez da falta. Erabakia hartua dago, eta prozesua hasi baino ez da egin….

 

Azaroaren 8, 9, 10, 11n, Agurainen, EGIN EZAZU EUSKARAZ EDONON ETA EDONOREKIN

 

 

Estandarra
Agenda

EUSKAHALDUN tailerra ostegun honetan, euskaraz edozeinekin edonon aritzeko teknikak

Agurainen euskaraz bizitzeko kanpaina aurrera doa etenik gabe. Jada 126 dira azaroaren hasierako lau egunetan euskaraz bizitzeko konpromezua hartu dutenak, euskara Aguraingo edozein eremutara edozein momentutan eramateko konpromezua hartu dutenak.

 

Horrek hainbat buruhauste ere sortu dizkio bati baino gehiagori; “gai izango ote naiz? Elkarrizketa bat euskaraz egin nahi eta erdaraz ez bukatzen ikasiko ote dut? Zergatik gertatzen dira horrelakoak? Eta nola konpondu?”

 

Galdera guzti horiei erantzun bat eman nahian EUSKAHALDUN tailerra antolatu da Agurainen ostegun honetan bertan, hilaren 26an, Zabalarte etxean arratsaldeko 18.30tan. AHIZE hizkuntza aholkularitza zentroaren eskutik, Mikel Urdangarin gidari delarik euskaraz nonahi eta noiznahi eroso sentitzeko teknikak ikasteko tailerra izango da. Ez hori bakarrik, inguruan nola eragin ere landuko da, “batek euskaraz egiten badu, ingurukoek ere egingo dute”.

 

Antolakuntzatik bi ideia behin eta berriro errepikatu dira kanpaina hasieratik: Agurain AKTIBATU egin behar dela alde batetik, eta Aguraindarrak AHALDUNDU egin behar direla bestetik. Bigarren honi ekingo zaio ostegun honetan. Euskaraz edonon eta edonorekin hitz egitea posible dela sinisten den momentuan sentituko dira Aguraindarrak AHALDUN, eta momentu horretan hasiko da herria AKTIBATZEN.

Konfidantza izan behar da norberarengan, sinismena, ausardia. Jabetza poterea da, eta potere horrek dakar ahalmena.

 

Kontzeptu horiek landuz aguraindarrengan konfidantza piztea eta posible dela sinistu araztea izango da azken finean ostegun honetan bertan antolatu den EUSKAHALDUN tailerraren helburua.

 

Azaroaren 8, 9, 10, 11n, Agurainen, EGIN EZAZU EUSKARAZ EDONON ETA EDONOREKIN

 

Estandarra