EGITASMOA

“Agurainen 75 Ordu Euskaraz” ekimenaren bideo-dokumentala

“Agurainen 75 Ordu Euskaraz” ekimenaren bideo-dokumentala, sarean ikusgai

2018ko azaroan aktibazio olatu handi bat etorriko omen da Euskal Herrira. Agurainen, aguraindarrak aktibatzeko asmoz, 2016ko azaroan burutu zuten “Agurainen 75 Ordu Euskaraz” ekimena.

Ekimena autogestionatua eta autofinantzatu izan bazen ere, Arabako Foru Aldundiak proposatuta eta diruz lagunduta ekimena azaltzeko bideo dokumental bat ekoiztu dute, 20 minutukoa. Mikel Ezkerro eta Anton Mimentza dira egileak. Aguraindarren testigantzak, antolatzaileen adierazpenak, eszenifikazio batzuk eta Aguraingo irudi ederrez osatu dute dokumentala.

dav

Ekainaren 1ean Agurainen aurkeztu zuten bideoa. Harrera beroa izan zuen, 50 lagun inguru elkartu ziren proiekzioan. Aldundiaren ordezkarien presentziarekin, bideoa ikusi ondoren, egileen azalpenak eta herritarren bizipenak, oraingo beharrak eta iritziak trukatu zituzten ondorengo solasaldian.

Bideoa ikusgai sarean dago. Hona hemen linka

https://youtu.be/KCMaWAu-7zM

Estandarra
EGITASMOA

75 Ordu euskaraz ekimenaren balorazioak

Antolakuntzak baloratu du Agurainen 75 ordu euskaraz ekimena

2016ko otsailean Aguraingo hainbat euskaldunek Agurainen 75 ordu euskaraz ekimena proposatzea erabaki genuen. Euskararen ezagutza eta erabileraren artean dagoen desorekak kezkatuta, bertako euskaldunak ahalduntzea eta aktibatzea zen gure helburu nagusia, hau da, norbanakoen hizkuntza portaeretan eragitea. Oso errotuta ditugun hainbat hizkuntza ohiturak kezka sortzen zigun. Izan ere, portaera oker horiek erabilerari eragiten diote egunerokoan.
Sei hilabeteko prozesuaren ondoren eta azaroaren 8,9,10 eta 11n 75 ordu horiek burutu eta gero, antolakuntzak balorazioa egin du. Urtarrilaren 12an azalpenak eman zizkien Aguraingo herritarrei eta txostena idatzi dugu (deskargatu txostena hemen).

Ekimenak ondorengo asmoa zuen: norbanakotik abiatuta ahalduntze eta aktibazio kolektibo bat. Euskaldun helduentzako proposamen bat (Agurainen 5000 biztanle bizi dira, %29 euskalduna da, 18 urtetik gorako 800 euskaldun inguru kalkula dezakegu). Euskal hiztun kontzientzia daukanarekin, azaroan, lau egunez, egunerokoan, Agurainen euskaraz bizi ahal izateko ekimen bat; ez jai bat, ezta ekimenez beteriko lau egun ere. Euskara beharrezkoa egin nahi genuen. Euskaldunei eskatuz euskara edonon eta edonorekin erabiltzeko, eta erdaldunei eskatuz ahalegina egin dezatela bestea ulertzeko eta ez eskatzeko erdara pasatzeko. Hurbiletik, ingurukoengandik hasita, era gozo eta atseginean, naturaltasun osoz, asertibitatea erabiliz, adostuta, gogoa piztuz, baina guk euskarari eutsita, askatasunez.
Bi kanpaina ipini genituen martxan. Biak hizkuntzen pedagogia egiteko helburu genuen. Hau da, hainbat euskarri erabilita, euskaldunei gomendioak eman nahi genizkien euskarari eusteko eta erdaldunei gomendatu nahi genien erdarara pasatzeko ez eskatzeko solaskideari. NIK75 kanpaina euskaldunak ahalduntzeko eta aktibatzeko kanpaina zen, 284 lagunek konpromisoa sinatu zuten 4 egunetan zehar euskara guztiekin erabiltzeko. Beste aldetik, GUK75 kanpaina: erdaldunek, kolektiboek eta establezimenduek erraztasunak eman ditzaten euskaldunei euskara askatasunez erabiltzeko, elkarrizketa elebidunak sustatuz. 134 kolektibok eta establezimenduk konpromiso hori hartu zuten.

Ekimena bukatu ondoren, antolakuntzak bi kanpainak baloratu nahi izan ditu. Galdeketa, testigantza eta elkarrizketen bitartez parte hartzaileen iritziak jaso ditu. Motzean, hona hemen NIK75 kanpaina balorazio nagusiak:
-dagoeneko euskaldun praktikante dena aktibatzea lortu du ekimen honek.

-Ekimenak kolektibo bat aktibatzeko balio izan duela ondoriozta dezakegu, neurri batean behintzat.

-Egitasmoak ahalbideratzen du hizkuntza mudantzak egitea.
-Erabilera errazteko prestatzen diren eremuetan euskarazko harreman berri gehiago ematen dira. Gure kasuan merkataritza eta ostolaritza landu genuen eta hor irabazi dira gehien euskarazko harremanak.
-Euskaldun aktiboek duten jokaera, lehenengo hitza euskaraz esatea, aktibotzat hartzen dugu, baina oinarrizko aktibazioa besterik ez da errealitatean. Oinarrizko aktibaziotik euskara beharrezkora egitera tarte handia dago oraindik.
-Egindako pedagogia linguistikoa oso baliogarria gertatu zaie parte hartzaileei.
-Erdaldun kopuru bat egokitu da, beraz, aurrera begira aukerak daude pausuak emateko.
-4 egun horietan praktikan ipinitako portaera berriei esker irabazitako harremanak euskaraz jarraitzeko asmoa dute %87k.

Hona hemen GUK75 kanpainaren balorazio nagusiak:
-Ez zaie batere zaila suertatu antolakuntzak proposatutakoa egitea. Elkarrizketa elebidunak sustatzea zen helburu, euskara hitz egiten ez dutenen merkatarien artean
-Euskararen erabileraren gaia haien kolektiboan mahai gainean ipintzeko eskatu izana eskertu dute.
-Lau egun horietan establezimenduetan jendeak gehiago eskatu du euskaraz.
-6 hilabetetan antolakuntzak emandako euskara erabiltzeko gomendioak baliagarriak izan dira.
-Euskara errazteko portaerekin jarraitzeko asmoa dute.

Eta burutu ondoren zein ondorio geratu da Agurainen? Motzean, hauexek:
1.- Hainbat aguraindar ahaldunduta eta aktibatuta geratu da ekimena pasa ondoren. Honek erabileran eragina dauka gaur egun ere.

2.- Euskara erabiltzeko eta erabili ahal izateko inertzia soziala utzi du: erraztasuna, askatasuna.

3.- Aguraingo euskalgintza aktibatu egin da. Eragiten jarraitzeko asmoa dauka.

4.- Agurainen erabileraren inplementazio aurrerakoiak martxan ipintzeko baldintza egokiak ditugu.
-Aguraingo euskaldun praktikanteen euskaraz bizitzeko nahia (284 sinatzaile) agerian utzi du ekimenak.
-Erdaldunen egokitzeko borondatea eta gaitasuna begi-bistan geratu da (134 erakunde, kolektibo eta establezimendu). Horrek adostasun soziala dagoela islatu du.

Estandarra
EGITASMOA

75 Ordu euskaraz ekimenaren hasiera

IMG-20160330-WA0000

100 pertsonetik gora bildu dira 75 ordu euskaraz ekimenaren hasiera ekitaldi hunkigarrian

2016-11-08-guk75-ekitaldia-kolektibo-guztiak

Atzo iluntzean burutu zen 75 ordu euskaraz ekimenaren hasiera ekitaldia Aguraingo Zabalarte etxean. Ekimenean parte hartzeko konpromisoa sinatu dute kolektiboak bildu ziren batik bat, baina norbanakoak ere hurbildu ziren, guztira 120 pertsona inguru bilduz, antolatzaileen aurreikuspenak gaindituz. Hasiera, baina, atzo arratsaldean botatako suziriek eman diote ekimenari.

dav

Kolektibo ezberdinei esker ona adierazteko ekitaldian, euskarari bidea ematea, hots, euren konpromisoa, sinbolizatzen duen alfonbra bereizgarri bat banatu zitzaien denda eta komertzioetan ezartzeko. Horrez gain, egun hauetarako hizkuntza gomendioak banatu zizkieten . Zizka-mizkak eta gero, banan-banan zerrendatu ziren kolektibo guztiak, eta alfonbrak banatu ondoren, argazki masibo bat atera zen, kolektibo bakoitzak ekarritako objektu adierazgarriak aurrean jarrita. Harrera ezin hobea eta herri mailako konfiantza izan ziren nagusi, hainbeste, ekitaldi “izugarria” izan zela zioten mezuak ugariak izan zirela.

dav

Arratsaldeko bost eta erdietan hasi zen euskaraz bizitzeko apustua, bota ziren suziriek iragarri bezala. Oraindik goiz bada ere emaitzak izateko, lehendabiziko mezuak positiboak izan dira, eta hainbat herritarrek aipatu egin dute establezimenduen inplikazioa, euskaraz guztiz jakin ez arren. Hizketaldiak mantentzeko joera nagusi izan da. Euskara ez dakitenekin, mimikaz, keinuen bidez, konpromisoa hartu duten norbanako eta kolektibo edo establezimenduek euskara erabili dute lehen egunean, eta jendearen positibotasuna aipagai izan da, bai ekitaldian zein hortik kanpo.

dav

Bestela ere, ekitaldian bertan adierazi izan da ere ekimen honen emaitzak luzera begirakoak direla, eta honek utziko duen “arrastoa” edo ohitura aldaketa izango dela benetako jomuga, dagoeneko sumatzen hasi den aldaketa.

Estandarra
EGITASMOA

BOST HILABETE JADA

Bost hilabete jada Agurainen 75 ordu euskaraz martxan hasi zenetik

Jada badira bost hilabete Agurainen 75 ordu euskaraz ekimena martxan jarri zenetik, Agurainen euskaraz bizitzeko hautua egin dutenen kanpaina hain zuzen ere. Ordutik hainbat ekintza eraman dira aurrera ekimena ezagutzera eman ahal izateko.

Euskaraz bizitzeko erabakia hartu duten hainbat aguraindar martxoaz geroztik elkartzen hasi eta maiatzean aurkeztu zen jende aurrean ekimena. Ez da jai bai, ezta ekintzaz beteriko egun bat ere; euskara eguneroko arlo guztietara eramateko ekimena da, edonon eta edonorekin euskaraz. Halaxe aurkeztu zen udaberrian eginiko ekitaldian.

Harrezkeroztik hainbat zita izan dituzte Aguraingo euskaldunek; hitzaldiak, euskaraz edonon eta edonorekin eroso sentitzeko TELP tailerra, ostiralero pintxo potea, kontzertuak, irakurketa musikatua… guztiak pixkanaka pixkanaka herrian presentzia lortu eta Agurain prestatzen joateko. Horixe izan baita hilabete hauetako helburuetako bat, herria euskaraz bizi nahi duten guzti horiek eroso senti daitezen prestatzea.

Eginiko lan horrek bere emaitzak eman ditu, eta 200 lagunek sinatu dute dagoeneko azaroaren 8, 9, 10 eta 11an euskaraz edonon eta edonorekin egiteko konpromezua. Horrekin batera herriko 80 kolektibo eta negoziok egun horietan euskararen erabilera erraztuko dutela bermatu dute. Mapa bat osatu da informazio guzti horrekin, herrian jakin dadin nork egin duen ekimenarekin bat.

Abuztua iristearekin batera oporrak ere iritsi dira leku gehienetara, eta baita hona ere. Hilabeteko geldialdia izango du kanpainak eta irailean bueltatuko da berriz indarberriturik.

Udazkenean izango du ekimenak azken txanpa eta ordurako ekintza gehiago, taller gehiago, musika… pentsaturik daude dagoeneko. Herria prestatzen eta aktibatzen jarraitzeko gomendioak aurkeztuko dira, bai euskaldunentzat eta baita erdaldunentzat ere. Euskaldunek euren burua aktibatu dezaten euskaraz egin ahal izateko eta erdaldunek jakin dezaten euskaraz bizi nahi duenari bidea nola erraztu.

Irailean jarraituko du hortaz kanpainak bere martxa. Bitartean parte hartzaileei ere jarri zaie lana ordea… NIK75 kamixeta jantzi eta oporretarako aukeratutako leku horretan argazkia atera, ondoren Facebooken publikatu eta zabaldu munduan leloa!!

Azaroaren 8, 9, 10, 11n, Agurainen, EGIN EZAZU EUSKARAZ EDONON ETA EDONOREKIN

 

Estandarra
EGITASMOA

75 ORDU EUSKARAZ

AGURAINEN, EGUNEROKOAN

EUSKARAZ BIZI NAHI DUGULAKO,

75 ORDU EUSKARAZ.

-azaroak 8,9,10,11-

2016-03-02 egitura 75ordueuskaraz logoekin

Proposamena hauxe da:

Lau egunez, egunerokoan, euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortzea. Agurainaldeko euskaldunak AKTIBATU nahi ditugu euskaraz bizitzeko 75 ordu horiek; EGUNEROKO esparru guztietara eramateko euskara. Ez da jai bat, ezta ekintzez beteriko 4 egun.

Ekimen honekin GOGOA sortu nahi dugu, euskara erabiltzeko eta ezagutzeko GOGOA.

75 ordu horietarako bidea prestatuko dugu, Agurain PRESTATUko dugu. Horretarako bi dinamika ipiniko ditugu martxan:

NIK 75 ORDU EUSKARAZ: euskaldunak ahalduntzeko eta aktibatzeko

cropped-nik1.png

GUK 75 ORDU EUSKARAZ: Agurain prestatzeko (erdaldunak eta kolektiboak).

IMG-20160412-WA0003

Dagoeneko, lanerako prest agertu dira 25 lagun inguru, eta 4 taldetan ari dira antolakuntza lanetan: Euskaldunak ahaldundu/aktibatu, Agurain prestatu, komunikazioa eta koordinazioa.

Donostiako Egia auzokoak aintzindariak izan dira holako egitasmoa burutzen. https://egianeuskaraz.wordpress.com/ Apirilak 14an, Egia Auzoko bi lagun etorri ziren bere esperientzia azaltzera.

Maiatzaren 6an kalera aterako gara NIK 75 ORDU EUSKARAZ kanpainarekin eta maiatzaren 10ean komunikabideen aurrean prentsaurrekoa emango dugu.GUK 75 ORDU EUSKARAZ laster ikusiko da dendetan eta kolektiboetan.

Informazio gehiago edo antolakuntzan parte hartu nahi baduzu bidali mezu bat agurainen.euskaraz@gmail.com emailera.

Estandarra