EUSKALDUNENTZAKO GOMENDIOAK

Agurainen edonon eta edonorekin egin dezakezu euskaraz,
eta eroso sentitu: GOMENDIOAK

2016-10-27-gomendioen-liburuxka

Gomendioen liburuxka ikusteko sakatu hemen

Aguraindarren %29k erabil dezake euskara, euskaraz hitz egiteko gai baita. Beraz, 1413 lagunekin euskaraz egitea zure esku dago, zure erabakia da.

AKTIBATU
•Zuk euskaraz egiten baduzu, zure ingurukoek ere egingo dute.  Agian,  gaur egun erdaraz hitz egiten diezun batzuk euskaldunak dira; aldatu ohitura hori. Azalduiozu zure erabakia, edo besterik gabe, hasi eta jarraitu euskaraz. Aktibatu besteak zure jokabidearekin, haiek jarraituko dizute eta.

EDONON ETA EDONOREKIN
•Agurtu ondoren, edonon eta edonorekin esan lehenengo hitzak euskaraz; horrek lagunduko dizu euskaldunak identifikatzen. Ez oinarritu itxuran, adinean, jatorrian… sorpresa ederrak hartuko dituzu. Har ezazu jokabide normaltzat guztiei euskaraz egitea.
•Gerta liteke “eh?” esatea; agian ez dizu ondo entzun edo ulertu… errepikatu euskaraz. Ez pentsatu euskaraz ez dakienik; ez hasi zu erdaraz!
•Euskaraz ez badaki, berak esango dizu. Zuk ez duzu erabaki behar ea ulertu duen ala ez, bera hori esateko gai da eta. Eutsiozu euskarari berak esan arte, berak esango dizu.

Agurainen %55ek ulertzen du euskaraz egiten badiozu: 2140 lagunek. Horrek elkarrizketa elebidunak sustatzeko aukera ematen dizu. Euskaraz egiteko gai ez diren askok gozatuko dute zuk euskaraz egiten badiezu.

ZUK EUSKARAZ BESTEAK ERDARAZ
•Zuk egin euskaraz lasai, nahiz eta besteak erdaraz erantzun, ulertuko dizu. Berak erdaraz eta zuk euskaraz, zergatik ez? Ez da zaila, ohitura kontua baizik. Euskaraz edonon eta edonorekin egitea naturaltasun osoz hartzea komeni da. Poliki hitz egin, hiztegi erraza erabili, keinu batzuk erabili… horrela ez dizu esango ez dizula ulertu. Ulertu  ez duela esaten badizu, saiatu keinuen bidez, saiatu eusten. Nahi baduzu, esaiozu erdaraz ea moldatuko zareten keinuka eta euskaraz… bilatu konplize bat.
•Orain arte erdaraz egin duzun batzuekin adostu, haiekin zuk euskaraz egin nahi duzula. Badakizu zerbait ulertzen dutela (euskaltegian ibilitakoak dira, seme-alabek D ereduan ikasten dute… ) Proposatu: “¿Qué te parece si yo te hablo en euskara? ¿Tu entiendes un poco? Nik poliki hitz egingo dizut… Bai?”

Arabarren %64k euskararen aldeko iritzia du. Ez dira hainbeste urte pasatu Agurainen euskara galdu zenetik, ez dira 200 urte, eta Aguraingo erdaldunek oraindik hitz asko erabiltzen dituzte euskaraz (Olbea, atxun, txindurri, hondarrak… ) baita toponimia ere (Arrigorrista, Madura, Egileor…) Euskaltegia eta ikastola 1972 eta 1973an abiatu ziren, geroztik asko dira horietan ikasi duten aguraindarrak. Agurainen 400 familiak erabaki dute bere seme-alabak euskara hutsezko ereduan eskolaratzea. Baliatu ezazu euskararen aldeko iritzia.

MOTIBATU BESTEAK ZUK EUSKARAZ EGITEN
•Bilatu konplizeak, erdaldun asko zure alde daude eta. Euskara erabiltzen motibatuko dituzu eta euskara ezagutzeko gogoa piztuko diezu. Agurrak, aginduak, errutinak, esaldi motzak… erabili lasai! Agian, euskaltegian izena ematera animatuko dituzu.

MOTZEAN BETI EUSKARAZ
•Eguneroko elkarrizketen %80 motzak edo oso motzak dira. Baliatu hori jende askorekin euskaraz egiteko: tabernetan, erosketak ordaintzean, bankuan, ezagunak… Betiko esaldiak dira, intuizioz ere uler daitezkeenak; hitz errazak, esaldi motz-motzak.

EROSO SENTITU, IRRIBARREA LAGUN

  • Edozein egoera lasai hartzea komeni da; irribarretsu, umorez eta jarrera eraikitzailez; bestela nekatu egingo zara. Egoera gutxi sortuko zaizkizu zure gustukoak ez direnak.. Asertibitatean oinarritu, ez sufritu, zureari eutsi eta sentitu eroso zure buruarekin.
  • Euskaraz jarraitzeagatik aurpegi txarra jarri edo hitzez erasotzen bazaituzte; ez ezazu itzuli erasoa, horrek kostu emozionala ekarriko baitizu. Ez justifikatu zure jokabidea: zure jokabidea justifikatzen duzunean, portaera hori zalantzan jar dezaten legitimatzen duzu eta. Saihestu itzazu ideologian, historian eta eskubideetan oinarritutako eztabaidak. Gogoan izan Oscar Wildek esandako hura: “arrazoia da mundu honetan ugarien dagoen substantzia: guztiek dute guztia, denbora guztian”.
  • Irribarrea lagun! Teknika boteretsua da irribarrea; izan ere, aurrean dagoena motibatzeko balio du. Zuk eutsi zureari eta erakutsi daukazun irribarrerik hoberena!
  • Solaskideak euskaraz ez dakiela esaten badizu, edo zuzenean berari gaztelaniaz egiteko eskatzen badizu, erabakia zure esku dago beti: irribarrez agurtu eta joan, erdarara pasatu… Zuk baloratu egoera.
  • Ahaldundu, erabaki euskaraz egingo duzula, sinistu Aguraien euskaraz egin ahal dugula edonon eta edonorekin; atera armairutik, egin!

a2-dekalogoa

1- Ahaldundu Erabaki gomendioaren Bideoa

2- Aktibatu gomendioaren Bideoa

3- Ekin gomendioaren Bideoa

4- Edonon ete Edonorekin gomendioaren Bideoa

5- Motzean Beti Euskaraz gomendioaren Bideoa

6- Zuk Euskaraz eta Besteak Erdaraz gomendioaren Bideoa

7- Animatu Besteak Euskaraz egiten gomendioaren Bideoa

8- Eroso Sentitu Irribarrea Lagun gomendioaren Bideoa

9- Da una Oportunidad de Hablarlo gomendioaren Bideoa

10- En Grupo gomendioaren Bideoa