KOLEKTIBOAK/ESTABLEZIMENDUAK

Aguraingo kolektibo, erakunde eta establezimenduek euskararen erabilera erraztuko dute azaroaren 8,9,10 eta 11n: GUK75 kanpaina

guk75-mapa-eta-zerrenda12AGURAINEN 75 ORDU EUSKARAZ esperientzia berria da. Hainbat aguraindar, dagoeneko 194 lagun, euskaraz biziko gara azaroaren 8, 9, 10 eta 11n, 75 orduz, eta eguneroko esparru guztietara eramango dugu euskara. Euskaraz: etxekoekin etxean, lagunekin kalean, ezezagunekin kutxan, ogia erostean, lantegian, spinning egitean, garagardo bat hartzean… Ez da jai bat izango, ezta jardueraz beteriko lau egun ere. Lau egunez, egunerokoan, Agurainen euskara edonon eta edonorekin bizi ahal izateko ekimena da hau.

Lau egun horietan euskaraz edonon eta edonorekin euskara erabiltzeko erabakia hartu dutenei bidea errazteko xedez GUK75 kanpaina martxan ipini du antolakuntzak. Aguraingo kolektibo, erakunde eta establezimenduei proposatu zaie euskararen erabilera erraztea.

Euskararen alde egotea euskararen erabilera erraztea da, jarrera bat da; euskararen erabilerari bidea emateko jarrera bat. Eta jarrera hori egunerokoan islatzea proposatzen diegu Aguraingo kolektibo, erakunde eta establezimenduei.

Jendea artatzen duten establezimendu eta erakundeei hauxe eskatu zaie:
·Harrera egiten duenak euskaraz hitz egiten badu euskaraz artatzeko.
·Harrera egiten duenak euskaraz pixka bat ulertzen badu baina hitz egiten ez badu elkarrizketa elebiduna egiteko, naturaltasunez, bezeroak euskaraz egin dezala eta artatzen duenak erdaraz.
·Harrera egiten duenak euskara ulertzen ez badu saiatu dadila keinuka komunikatzen edo galderak eginez…
·Ezinbestekoa ez bada ez dezala eskatu erdaraz egiteko.

Jardueraren bat eskaintzen duten kolektiboei, udal kirol eta kultura zerbitzuei, elkarteei eta klubei eskatu zaie azaroaren 8-11 bitartean beren ekintzak euskaraz plazaratzeko, modu honetan:
·Begirale euskaldunak kontratatuz.
·Bolondres euskaldun bati eskatu egun horietan, dohainik, begirale izateko.
·Erdaraz egiten duen begiraleari eskatu euskaraz egiteko eskatuta.

Artatzen ez dutenei eta ekintzak antolatzen ez dutenei ere euskararen erabilera errazteko pausuak eman ditzatela eskatu zaie, adibidez:
·Paisai linguistikoa euskaratuta.
·Komunikazio bideetan (emailak, oharrak, whatsapp…) euskaraz idatzita.
·Bilerak euskaraz eginez.
·Euskaldunek hartu duten erabakiari erraztasuna emanez.

Dagoeneko 100 kolektibo, erakunde eta establezimenduk esan dute baietz; eta hemendik azarora bitarte gehitzen joango dira. Horiei guztiei GUK75 txartel identifikatiboa banatu die antolakuntzak, beren egoitza edo saltokian agerian ipintzeko. Ikusgai daude ondorengo mapan ere:

Beraz, GUK75 kanpainan identifikatuta dauden gunetan ez izan zalantzarik, euskaraz naturaltasun osoz egin, euskaraz eskatu. Bertako arduradunek konpromisoa hartu dute euskaraz edo euskaraz-erdaraz moldatuko direla. Bertan, elkarrizketak honelakoak izango dira:
-Zuk euskaraz eta berak euskaraz: artatzen duena euskalduna delako.
-Zuk euskaraz eta berak erdaraz: artatzen duenak euskara ulertzen duelako baina ez du hitz egiten.

Azaroaren 8-11n bitartean, GUK 75 diren kolektibo edo erakunde batek antolatutako ekintza batera joaten bazara, euskaraz jasoko duzu.

GUK75 diren beste kolektiboetako kide bazara, euskara erabiltzeko lehentasuna izango duzu azaroaren 8-11 bitartean; gozatu!

Egin euskaraz edonon eta edonorekin, naturaltasun osoz, Agurain prestatua dugu eta.

Informazio gehiago eta zure establezimendua/kolektiboa GUK75 izatea nahi baduzu: agurainen.euskaraz@gmail.com