NIK 75 ORDU EUSKARAZ

Agurainen erabakia 281 lagunek hartu dute!!

JAITSI NIK75 parte hartzaile izateko triptikoa

Nik erabaki dut azaroaren 8, 9, 10 eta 11n Agurainen, 75 ORDU EUSKARAZ egitasmoan edonon eta edonorekin euskaraz egingo dudala.

Zer da 75 ORDU EUSKARAZ AGURAINEN?

Esperientzia berria da hau (beste herri batzuetan ere ari dira antolatzen). Berria eta kolektiboa. Hainbat aguraindar euskaraz biziko gara azaroaren 8, 9, 10 eta 11n, 75 orduz, eta eguneroko esparru guztietara eramango dugu euskara. Euskaraz: etxekoekin etxean, lagunekin kalean, ezezagunekin kutxan, ogia erostean, lantegian, spinning egitean, garagardo bat hartzean… Ez da jai bat izango, ezta jardueraz beteriko lau egun ere. Lau egunez, egunerokoan, Agurainen euskaraz bizi ahal izateko ekimena da gurea.

Lau egun horietan euskaraz bizi nahi dugu, eta euskara erabiltzeko eta ezagutzeko GOGOA indartu nahi dugu. Horretarako beharrezkoa da euskaldunen JOKABIDE AKTIBOA; hau da, euskara orain arte iristen ez zen esparruetara eraman beharko dugu, eta jokabide horrek bestelako JARRERA bat ekarriko digu aguraindarroi.

Nola har dezaket parte?

Azaroaren 8, 9, 10, 11n, Agurainen, EGIN EZAZU EUSKARAZ EDONON ETA EDONOREKIN. Pozik eta alai, irribarrea aurretik, lehenengo hitza euskaraz, baita bigarrena eta hirugarrena ere.

Saiatu euskarari eusten egoera edozein dela ere, sorpresak izango dituzu eta. Zure aurrean dagoena euskaraz ondo moldatzen ez bada, berak erdaraz eta zuk euskaraz… Zergatik ez? Ulertzen ez badizu, esango dizu. Ulertzen ez dizunari esaiozu nahiko zenukeela berarekin euskaraz egin, adostu hitz batzuk… Gozatu euskaraz dakienarekin ere!

Izan zaitez NIK 75 ORDU EUSKARAZ (Aguraingoa ez bazara ere, baina zure bizitzaren zati bat Agurainen egiten baduzu). Sinatu parte-hartzailearen orria eta eraman gure egoitzara (Aguraingo Kale Nagusia, 12).

Agurainen euskaraz nonahi eta noiznahi?

Bai, noski! Posible da ohiturak aldatzea. Nahi izatea eta aurrerapausoak ematea da kontua. Har ezazu erabakia, ausartu, ahaldundu! Apiriletik urrira arte TELP ikastaroak antolatuko ditugu: euskaldunok egoera ezberdinetan euskaraz eroso, nonahi eta noiznahi sentitzeko teknikak ikasteko eta aplikatzeko tailerrak.

Zure hautuaren bidea errazteko Agurain prestatu egingo dugu. GUK 75 ORDU EUSKARAZ kanpaina martxan jarriko dugu. Apiriletik urrira arte herriko kolektibo, denda eta eragileei euskarari bidea emateko tresnak eskainiko dizkiegu: GUK 75 ORDU EUSKARAZ gida argitaratuko dugu.

Nor gara?

75 ORDU EUSKARAZ egitasmoaren sustatzaileak gara gu; aguraindarrak, Lautadakoak, Agurainen egunero ordu batzuk pasatzen ditugunak…

Euskaraz bizi nahi dugulako elkartu gara, antolatu eta ekin diogu. NIK 75 orria bete, sinatu eta zu ere bazara.

Autofinantziazioa eta lan boluntarioa dira funtzionatzeko oinarriak. 25 lagun inguru ari gara antolakuntzan: kolektiboei bisitak egiten, NIK 75erako parte-hartzaileak bilatzen, egitasmoaren berri ematen…